Aspaldian Utzitako Zelda

jakin nahi nuke nork betetzen duen orain

nik utzitako zelda

ea entelegatzen duen hormako izkribu tipia:

"eroria burrukara"

ea alboko zeldatik inork hots egiten dion

komuneko plastikozko tuberia soltatuz

telefonoz bezala mintzatzeko

ea hango egunak eternal dirauen,

gauak izotzezko,

egunsentiak esne garratza diren

ea errekuentoan mirilatik so egiten duen begiak

[surveillir et punir]

inor ikusten duen, edo jadanik inor ere ez

[denak ala inor ez]

jakin nahi nuke ihes egin genuenok

benetan ihes egin genuen

ala ihes egitearena, bizitzen irauteko

atxakia hutsa izan zen.